Hiziki algaren kontsumoari buruzko aholkuak
AESANek adierazi du, EB osoan eginiko azken ikerketen emaitza aztertu ondoren, Hiziki barietateko algek artsenikoaren kontzentrazio handia dutela, eta, beraz, horien kontsumo jarraituak osasun-arazoak eragin ditzakeela.
Zer da artsenikoa?
Artsenikoa (As) ingurunean (lurra, airea eta ura) dagoen metal astun bat da. Presentzia hori prozesu naturalen eraginezkoa izan daiteke, hala nola sumendi-erupzioak, basoko suteak edo harri eta mineralen higadura, baita tenperatura altuan gertatzen diren industria-prozesuen eraginezkoa ere; besteak beste, ikatza eta beste erregai fosil batzuk erabiliz energia ekoiztea.
Artsenikoak osasun-arazoak sor ditzake hura kontsumitzearen ondorioz. Hori dela eta, elikagaietan egon daitezkeen artsenikoaren gehieneko kantitateak araututa daude. Informazio gehiago nahi baduzu, hemen duzu artsenikoaren fitxa teknikoa
Elikagai batzuetan besteetan baino gehiago pilatzen da, eta hori da, hain zuzen ere, Hiziki algen kasua.
Nola identifikatu ditzaket alga horiek?
Beltzak eta hari-formakoak dira, testura biguna dute, eta zapore gazia.
Zopa, entsalada eta barazki-oinarria duten plater prestatuetan erabiltzeko saltzen dira.
Ekialdeko edo Asiako elikagaien dendetan, izen hauekin ere aurkitu ditzakezu: Sargassum fusiforme, Hizikia fusiformis, hijiki, MeHijiki.
Eta jatetxe japoniar edo korearretan ere ematen dituzte aperitibo edo hasierako plater gisa.
Izan ere, herrialde horietako sukaldaritzan alga mota asko erabiltzen dira. Azpimarratu beharra dago artsenikoaren eduki handi hori HIZIKI ALGETAN IDENTIFIKATU DELA SOILIK, baina ez beste batzuetan (Nori edo Wakame algetan, esaterako).
Zer aholkatzen zaie kontsumitzaileei?
AESANek eta Elikagaien Segurtasuneko agintaritzek aholku hauek eman dituzte:
- Ahal den guztietan Hiziki algak kontsumitzea saihestea, eta, aukeran, itsasoko beste alga mota batzuk hartzea.
- Elikagaiak arreta handiz hautatzea, batez ere ontziratuta datozenak. Horien etiketak ondo begiratu behar dira, Hiziki algak ez dituztela bermatzeko.
- Hiziki barietateko algak dira artseniko inorganikoaren eduki handia duten bakarrak. Hortaz, aholku hauek ez dira beste alga-espezie batzuetarako aplikagarriak.
Zer aholku ematen zaie jatetxeei eta elikagaien inportatzaileei?
- Hiziki algak elikadura-osagai gisa hornitzea saihestea.
- Itsasoko algen hornidura eta etiketak kontu handiz egiaztatzea, Hiziki barietatekoak ez direla bermatzeko.
- Hiziki algak edozein elikagai motatan (jatetxe japoniar, korear eta abarretako hasierako platerak edo aperitiboak, adibidez) osagai gisa erabiltzea saihestea, eta, horren ordez, beste alga edo elikagai-osagai batzuk aukeratzea.
Sortze data: 2021-07-19