Soja eta eratorriak: onurak besterik ez?
Zer da soja?
Soja (Glycine max) nutrizio-balio handiko lekalea da. Hori dela eta, asko erabiltzen da animalien elikadurarako (soja-irina nagusiki) eta giza elikadurarako (gosaltzeko zerealak, ogiak, pasta…). Soja-proteina isolatuak gero eta ohikoagoak dira merkatuan: entsaladetarako ongailuak, zopak, edariak (soja-esnea eta eratorriak) eta soja-hanburgesak, besteak beste. Animalien proteinen ordeko eona da dieta begano eta begetarianoetarako, bai eta esnearen eta esnekien ordekoa ere esneari alergia edo laktosari intolerantzia diotenentzat.
Zein propietate nutritibo ditu?
- Kalitate handiko proteinak: organismoak proteinak sortzeko behar dituen funtsezko 8 aminoazidoak ditu.
- Gantz-azido poliasegabe (omega-3 eta omega-6 gantz-azidoak) eta lezitina asko eta gantz ase oso gutxi du, eta ez du kolesterolik.
- Indize gluzemiko txikiko karbohidratoak ditu, eta zuntz asko.
- Mineral asko ditu: batez ere, burdina, kobrea, magnesioa, fosforoa, potasioa eta manganesoa. Bestalde, sodio gutxi du.
- Halaber, K bitamina, tiamina (B1), erriboflabina (B2), niazina (B3), piridoxina (B6), folato (B9) eta isoflabona asko ditu.
Soja kontsumitzeak zein ONURA dakarzkio osasunari?
Frogatutako onurak
PROTEINA ITURRIA
Sojak balio biologiko handiko proteina asko ditu. Hori dela eta, animalia-jatorriko proteinen ordeko ezin hobea da, eta dieta begano eta begetarianoetako protagonista da.
GANTZ AZIDO ONURAGARRIEN ITURRIA
Elikagai guztiz begetala denez, ez du kolesterolik eta ia gantz aserik, eta gantz-azido poliasegabeen (omega-3 eta omega-6) iturri ona da. Horrek murriztu egiten du kolesterolaren maila eta kardiopatien aurka babesten du, batez ere animalia-jatorriko proteinak urriagoak direnean.
ZUNTZ ITURRIA
Zuntz asko duenez, mesede egiten dio traktu gastrointestinalari, eta asebetetzen laguntzen du. Hori dela eta, argaltzeko dietetan erabiltzen da.
Frogatu gabeko onurak
HORMONA FEMENINOAK ERREGULATZEN AL DITU?
Isoflabonak dituenez (estrogenoen oso antzeko molekulak dira, fitoestrogenoI eta estrogeno begetal ere deituak), esaten da sojak emakumeen hormonak erregulatzen dituela; besteak beste, hilekoaren nahasmenduak arindu eta menopausiaren sintomak murrizten ditu. Hala ere, ez dago horren inguruko ebidentzia zientifiko nahikorik.
Horrez gain, esaten da gaitasun hauek ere badituela (alabaina, ez dago ebidentzia zientifiko nahikorik eta datu argirik):
– Arterietako presioa murrizten du?
– Osteoporosia prebenitzen du?
– Nerbio-sistema babesten eta indartzen du?
– Minbizia prebenitzen du?
Soja kontsumitzeak zein ARRISKU ditu?
Arrisku frogatua
ALERGIAK
Soja alergeno nagusietako bat da. Hori dela eta, alergia eragin dezake, eta, ondorioz, urdaileko mina, beherakoa eta idorreria. Alergia dutenek kendu egin behar dute soja dietatik, eta bereziki erreparatu behar diete etiketei. Izan ere, elikagaien industrian asko erabiltzen dira soja eta eratorriak (letizina, adibidez) osagai (emultsionatzaile) gisa.
Bestalde, soja alternatiba ona da laktosari intolerantzia edo esnearen proteinari alergia diotenen nutrizio-beharrak asetzeko.
HAIZEAK eta FLATULENTZIA
Zuntz asko duenez, urdaileko haizeak ugaritu eta flatulentzia areagotzendu. Soja-proteina isolatuek haize gutxiago eragiten dute.
Frogatu gabeko arriskua
Hormona-arazoak eragiten ditu?
Isoflabonak dituenez, esaten da hormona-arazoak eragiten dituela haurretan, bai eta hormona-desorekak eta ondorio feminizatzaileak ere gizonetan. Horrez gain, espermaren kalitatea murrizten du eta ugalkortasunari eragiten dio. Hala ere, ez dago horren inguruko ebidentzia zientifiko argirik.
Tiroideko arazoak sortzen ditu?
Ez dago ebidentzia zientifiko nahikorik tiroidean duen eraginari buruz ere.
Alabaina, hipotiroidismoa sortzen duela esaten da.
Minbizia izateko arriskua areagotzen du?
Bestalde, nahiz eta ebidentzia zientifiko nahikorik ez dagoen, esaten da areagotu egiten duela bularreko minbizia, endometrioko kartzinoma eta prostatako minbizia izateko arriskua. Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearen arabera, ez dago soja kontsumitzeak minbizia eragiten duela dioen ikerketa argirik.
Kontsumorako gomendioa
Dieta askotarikoa eta orekatua egin nahi bada, gomendatzen da astean hiruzpalau lekale-errazio kontsumitzea; lekale horietatik bat soja izan daiteke.
Dieta aldatu behar dutenek, izan esnerik hartu ezin dutelako edo kalorien ingesta gutxitu behar dutelako, osasun-arloko espezialisten gomendioei jarraitu behar diete.
Sortze data: 2014-05-19
Eguneratze data: 2019-07-03