Ur-botila berrerabilgarriak erabilera bakarreko botilen aukera oso ona dira. Ekologikoak izateaz gain (plastiko-hondakin gutxiago sortzen dira), erabilera bakarrekoekin alderatuz gero, onura ekonomiko handia izaten dute. Hala ere, elikagaien segurtasuna bermatzeko, oinarrizkoa da material egokia hautatzea, botilak ondo erabiltzea eta oso garbi mantentzea.

Zer material eta motatakoak aurki ditzakegu?

Merkatuan hainbat material daude, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu:

  • Altzairu herdoilgaitza: iraunkorra, erresistentea. Garrantzitsua da erabilitako metala elikadura-mailakoa izatea eta barnean estaldurarik ez izatea (normalean, plastikoa).
  • Beira: hauskorra eta astuna. Askotan, ez hausteko babesa behar izaten du (neoprenozko zorroak edo antzekoak). Zenbait abantaila ditu, esate baterako, beti jakin daiteke garbi dagoen; kanpotik ikus daiteke zikinkeria pilatu den.
  • Plastikoa: arina eta erresistentea, baina ontziaren bizitza baliagarria amaitzen denean, ingurumenean geratuko den plastikozko beste hondakin bat izango da.
  • Zeramikako materiala: hauskorra eta astuna. Ez da batere erosoa etxetik kanpo erabiltzeko.

Nola erabili behar ditugu?Erabilera-jardunbide egokiak

  • Muturreko tenperaturak saihestea: Izozkailuan eta mikrouhin-labean ez sartzea, fabrikatzaileak hala adierazi ezean, eta botila eguzkitan ez uztea, argiak eta beroak narriatu egin dezaketelako.
  • Etiketak ondo irakurtzea: Normalean, ontziarekin zer egin daitekeen eta zer egin behar ez den adierazten dute. Fabrikatzaileak zenbat eta informazio gehiago eman, orduan eta hobeto erabiliko dugu produktua.
  • Likidoak aldi luzeetan ez biltegiratzea: Ura berriztu gabe egunak igarotzea saihestea, mikroorganismoak haztea eragin dezakeelako.
  • Fabrikatzailearen aholku osagarriak: Fabrikatzaile askok ohartarazten dute erabili aurretik botilak modu jakin batean garbitu behar direla. Jarraitu emandako gomendioei.

Garbitzea eta mantentzea

  • Egunero garbitzea: Erabili ur beroa eta xaboia, eta ziurtatu ahokoa eta tapa ondo garbitzen dituzula. Eskuila erabiltzea komeni da, botilaren hondoa ondo garbitu ahal izateko.
  • Maiz desinfektatzea: Astean behin ondo desinfektatu eta uretan eragin. Horretarako, ELIKADURA-ERABILERAKO LIXIBA gomendatzen da (lixiba arruntak ez du balio), beti fabrikatzailearen erabilera-jarraibideei jaramon eginda. Botilak atal desberdinak baditu (adib.: ahokoa, junturak, etab.), desmuntatu eta bereizita garbitu beharko dira.
  • Jende askok uzte du ontzi-garbigailua dela botila berrerabilgarria garbitzeko metodo seguruena, eta, gehienetan, hala da. Mikroorganismo guztiak suntsitzen ditu, baina ontzi-garbigailuko beroak eta hezetasunak botilaren materiala narria dezakete. Hortaz, komeni da etxetresna elektriko hori EZ erabiltzea botila horiek garbitzeko, fabrikatzaileak berariaz adierazten duenean salbu.
  • Guztiz lehortzea: Gorde botila guztiz lehor, lizuna eta bakterioak ugaritzea saihesteko. Garbitu ostean EZ utzi INOIZ itxita eta utzi ahoz behera xukatzen, soberan dagoen ur guztia atera dadin.

Narriaduraren seinaleak

Garrantzitsua da jakitea botila guzti-guztiak, materiala edozein dela ere, bizitza baliagarri jakina dutela, eta hori amaitu ostean bota behar ditugula. Adi egon behar dugu seinale hauekin:

  • Usain edo zapore arraroak egotea.
  • Arrailak agertzea edo materialaren kolorea aldatzea. Edo, ondo igurtzita ere, kentzen ez diren orbanak egotea.
  • Garbitzeko zailak diren tokietan hondakinak metatzea.

“BPA Free” A BISFENOLik EZAREN ETIKETA


Ez kezkatu etiketa hori ez badu ere. Botila merkatuan dago segurua delako, salbu eta produktuari buruzko informazio zehatza ematen ez den saltoki batzuetan erosten baduzu. “Materiales en Contacto con Alimentos”

Orduan, zein erosi behar dut?

Gogoratu guztiak seguruak direla, baina prezioan eta erabilgarritasunean alde nabarmenak daude. Hemen duzu taula bat, erabaki bat hartzen lagunduko dizuna:

Zer abantaila eta desabantaila dituzte material desberdinek?
Materiala Egokia edari beroetarako Egokia edari hotzetarako Erosotasuna Iraunkortasuna Ingurumenaren gaineko inpaktu erlatiboa
Metala Bai Bai ERTAINA ALTUA BAXUA
Plastikoa Fabrikatzailearen arabera Fabrikatzailearen arabera ALTUA ALTUA ALTUA
Beira Bai Bai ERTAINA BAXUA BAXUA
Zeramikoa Bai Bai ERTAINA ERTAINA BAXUA
WP Table Builder

Gomendio horiei jarraikiz, modu seguruan erabili ahalko dira botila berrerabilgarriak, eta osasunerako eta ingurumenerako onuragarria izango da.

Sortze-data: 2025/04/08