Zer da Anisakisa?
Anisakis parasito naturala da, Anisakidea familiakoa, eta itsas ugaztunen urdailean antzematen da (balea, foka, itsas lehoia eta izurdea). Parasitoen arrautzak itsasoratu egiten dira, bertan larba bihurtu eta arrainek, krustazeoek eta zefalopodoek jan egiten dituzte. Ondorioz, gizakia kutsatu egiten da arrain gordina edo gutxi prestatua jaten duenean; izan ere Anisakis larbek aktibo irauten dute.
Erraz ikusten al da? Zein arrainetan antzematen da?
Begi hutsez, Anisakis larbak 20-30 milimetroko eta zuri-arrosa koloreko har txikiak dira. Arrainetan ikus daitezke mikroskopiorik erabili gabe; baina, batzuetan, giharretan inkestatzen direnez, kontsumitzaileak ez ditu antzematen.
35 arrain espezietan baino gehiagotan antzeman da, batik bat, erraietan eta errai-barrunbeetan; gutxiagotan, aldiz, gihar eta hegaletan. Legatz (bereziki, handiak badira), makalloarraina, bakalada, txitxarro, sardina, sardinzarra eta antxoa ostatatzen dira sarritan. Kopurua handiagoa edo baxuagoa izango da arrainaren adinaren, tamainaren edo harrapatu diren gunearen arabera; baina ez dauka zerikusirik arraina freskoa izateak.
Itsaskietan, molusku zefalopodoetan (txibiak, sepiak, olagarroak) aurkitzen dira, baina ez daude kusku biko moluskuetan (almejak, ostrak, muskuiluak, etab.) eta krustazeoetan (langostinoak, ganbak, zigalak, etab.)
Arrain-kontserbek Anisakisa izan dezakete?
Arrain-kontserbak tenperatura oso altuarekin tratatzen dira eta ez dute Anisakisik
Nola eragiten dio kontsumitzaileari? Zein dira sintomak? Zer egin behar dut?
Anisakis larbak kutsatutako arraina gordinik edo gutxi prestaturik janez gero, bi koadro kliniko gerta daitezke: sabelekoa edo alergikoa. Arraina ohi bezala prestatuz gero, parasitoa suntsitu egiten da, gorozkien bidez kanporatu eta ez du sabeleko sintomarik eragiten.
- Sabeleko koadroa “Anisakiasis” izenez ezagutzen da. Larba aktiboak sabeleko mukosan sartzean, sabela handitu egiten da, eta ondorengo sintomak antzematen dira: gastritisa, sabeleko mina, goragalea eta gorakoak, beherakoa eta, batzuetan, sukarra. Endoskopia egin behar da diagnostikatu ahal izateko eta larbak atera egin behar izaten dira.
- Koadro alergikoak ez du zertan sabeleko koadrorik eragin. Izan ere, immunologia erreakzioaren eraginez, hainbat pertsonak izaten dute koadro alergikoa. Sintoma guztiak ez dira larriak izaten: larruazal afekzioa (urtikaria edo angiodema) eta anafilaxia bitarteko sintomak antzeman daitezke. Gaixoen % 20k baino gehiagok jasaten du anafilaxia. Arrain eta zefalopodo parasitatuak kontsumitu eta ordu gutxira antzematen dira sintomak, arraina gutxi prestatuta egon ala ez
- Euskal Herrian anafilaxia kasuen % 10 eragiten ditu parasitoak, eta 40 eta 60 urte bitarteko helduen artean urtikarien % 32, gutxigorabehera 300 kasuak/urtean.
Anisakisarekin kontaktua izateak zenbaitetan alergia sorraraz dezake; beraz, parasitoarekin kontaktua izatea ekidin egin behar duzu. Arrainari intolerantzia diozula uste baduzu, edo hesteetako edo sabeleko alterazioak antzematen badituzu, hobe duzu sendagilearenera joan.
Nola hiltzen da parasitoa?
- Arraina ongi prestatzeak modu eraginkorrean hiltzen du parasitoa. Arraina 10 minutuz 60 gradutik gora prestatuz gero, larbak suntsitu egiten dira.
- 24 orduz, zero azpitiko hogei gradutan, izoztuta ere larbak desaktibatu egiten dira.
Prebentzio aholkuak herritarrentzat
Erosteko aholkuak:
- Aukeratu arrain freskoa eta eskatu tripak kentzeko
- Tripak kentzerik ez badute, etxera iristean ondo garbitu arraina: kendu lehenbailehen ezkatak eta tripak, eta sabelaldeko barrunbea ondo garbitu.
- Ez eten hotz-katea arraina prestatu bitartean.
Etxerako aholkuak:
- Arraina ia gordinik edo gordinik kontsumitu behar baduzu (adib.: sashimi, sushi, arrain arrabak), ozpinetan (adib.:antxoak), marinatua (adib.:zebitxeak), gatzunetan (adib.: sardinzarra) edo ketuta (adib.: berdela, izokin basatia), aurrez 48 orduz izoztu egin behar duzu.
- Prestatu arraina egoki, beroa arrain puska osora irits dadin (60ºC). Tenperatura hori frijitzean edo egostean lortzen da; baina, erretzean (labean, txingarretan edo plantxan) arraina erditik zabaltzea gomendatzen da, barnealdera ere irits dadin beroa. Kontsulta ezazu Eusko Jaurlaritzako Arraian janez gorputza zaintzeko gida. Bertan arrainaren tamainaren arabera eta prestatzeko moduaren arabera zenbat denboraz erre behar den adierazten da eta.
Prebentzio-aholkuak Anisakisari alergia dioten herritarrentzat
Larbak izoztean edo egostean indargabetzen badira ere, zenbait alergenok tratamendu horien aurreko erresistentzia dute, eta koadro alergikoak eragin ditzakete pertsona minberetan. Hori dela eta, Anisakisari alergia dioten pertsonek mediku alergologoen aholkuei jarraitu behar diete:
Aukera zuhurrena, alergia-erreakzioa oso larria denean:
- Ez jan itsas arrainik eta molusku zefalopodorik (txibiak, sepiak, olagarroak).
- Hautatu ur gezako eta arrain-haztegietako arrainak, baita kusku biko moluskuak (almejak, ostrak, muskuiluak, etab.) eta krustazeoak (langostinoak, ganbak, zigalak, etab.) ere.
- Arraina etxetik kanpo kontsumitu nahi bada, Anisakisari zaion alergiaren berri eman.
Aukera praktikoa:
- Arraina behar den bezala kuzinatu.
- Arrainean aurkituz gero, parasitoa ezagutu eta baztertu.
- Saihestu askoz ere parasito gehiago dituzten arrain-espezieak eta arrain txikiak (legatza, lirioa, bakailaoa, txitxarroa, antxoak, sardinak, barbarinak, etab.)
- Begiz ikusi ondoren, Anisakis gutxiago duten arrainen (hegalaburra, hegaluzea, berdela, oilarra) buztan zatia jan.
- Ez hartu arraina duten jatekoak etxetik kanpo.
Ondorioak
– Herritarrek, oro har, era guztietako arrainak kontsumitu beharko lituzkete, baldin eta indarrean dauden osasun-berme hauek badituzte:
- Gordinik edo ia gordinik kontsumituko diren arrantza-produktuak izoztu behar izatea ezartzen duen araudi erkidea (852/2004 Araudia (EE)).
- Jatekoak ematen dituzten establezimenduetan gordinik edo zati batean gordinik (keztatze hotza, eskabetxea edo gatzuna) kontsumituko diren arrantza-produktuak izoztu behar izatea ezartzen duen estatuko araudia.(1420/2006 Errege Dekretua).
– Modu egokian kuzinatu behar da, ohiko higiene-neurriei jarraikiz eta aintzat hartuta kontsumoaren segurtasuna bermatzeko behar diren egoste-tenperaturari eta -denborari buruzko aholkuak.
– Arraina astean bizpahirutan kontsumitzea gomendatzen da.
– Bereziki, arraina oso gomendagarria da haurdunentzat, edoskitze-aroan daudenentzat eta haurrentzat, hazte-aldietan, hainbat onura dituelako.
– Arraina kontsumitzea oso ona da osasunerako, elikagai nutritibo, zaporeduna eta oso osasungarria delako. Funtsezkoa da dieta osasuntsu eta orekatu guztietan, arrazoi hauek tarteko:
- Balio nutritibo handiko proteinak ditu ,eta oinarrizko aminoazido guztiak eskaintzen dizkigu, organoak, ehunak eta infekzioen edo kanpoko agenteen aurkako gure defentsa sistema mantentzeko ezinbestekoak, alegia.
- Omega 3ko iturri nagusia da. Omega 3 gantz-azido poliinsaturatu mota bat da; eta kolesterol “txarra” izenekoaren (LDL), triglizeridoen, eta arteria-presioaren maila jaitsarazten du. Babestu egiten gaitu gaixotasun kardiobaskular, autoimmune eta hantura gaixotasunetatik.
- Bitamina ugarikoa da (A, D, E, B taldea).
- Mineral ugari ditu (iodoa, burdina, fosforoa, fluorra, magnesioa, kaltzioa, sodioa eta potasioa). Bitaminak eta mineralak beharrezkoak dira gure organismoak ondo funtziona dezan.
- Kaloria gutxikoa da; izan ere, oso gantz gutxi izaten du (%2-5); eta gainera ez-saturatuak izaten dira. Horiek dira osasunerako gantz osasungarrienak.
- Sodio gutxikoa da; beraz, ezinbestekoa da gatz gutxiko dieta jarraitu behar dutenentzat.
- Digeritzen erraza izaten da.
Informazio interesgarria
ELIKA. WIKIA- Anisakis
ELIKA. Anisakis fitxa
ELIKA. Anisakis Infograma
ELIKA. Arraina jatearen onurak gure osasunerako
Eusko Jaurlaritza. Arraian janez gorputza zaintzeko gida
AESAN. Tríptico Comer pescado es seguro y saludable
SEAIC. Alergia a Anisakis. Libro de las enfermedades alérgicas
Sortze data: 2010-04-09