Etiketa interpretatzen jakitea ezinbestekoa da elikadura osasungarriaren aldeko erabaki egokiak hartzeko.

Elikadura osasungarriaren oinarria barazki eta fruta freskoak eta sasoikoak dira. Hau da, elikagai batek zenbat eta ontzi eta etiketa gutxiago izan, oro har, orduan eta osasungarriagoa izango da. Hala ere, gutxi prozesatutako eta ontziratutako zenbait elikagai ere aurrekoak bezain osasungarriak izan daitezke.

Hortaz, zeri erreparatu behar diogu gure hautaketa ahalik eta osasungarriena izan dadin?

1. OSAGAIEN ZERRENDA

Osagaien zerrenda erosiko dugun produktu motari buruzko informazio-iturri nagusia da. Elikagai GUZTIETAN adierazi behar da nahitaez (salbuespen batzuetan izan ezik). Zerrenda horretan jasotzen dira elikagaiaren osagai GUZTIAK, produktuan dagoen horien kantitatearen arabera, KANTITATE HANDIENETIK TXIKIENERA. Hau da, adierazitako lehen osagaia produktuan ugariena izango da; eta, beraz, ondo erreparatu behar zaio horri.

Batzuetan, azukrearen kasuan, lehen osagai gisa azaldu ez dadin, ziropa, melaza, jarabea eta antzeko osagaiak erabiltzen dira; baina horiek azukrearen sinonimoak baino ez dira. Horrela, azukrea zerrendan lehena izatea saihesten da.

Osagai-kopuruari ere erreparatu behar diogu. Arau hutsezina ez bada ere, zenbat eta osagai gutxiago, hobeto. Produktuak 5 osagai baino gehiago baditu, prozesatze-maila altuko produktutzat jotzen da (ultraprozesatu ere esaten zaio), eta, eskuarki, ez da aukera oso gomendagarria.}

Aintzat hartu behar da elikagai-gehigarriak elikagaiaren osagai ere badirela (hau da, gehitzen dute), eta, beraz, horien izen espezifikoa edo E zenbakia adierazi behar da zerrendan. Gehigarriak seguruak dira, eta horiek erabili ahal izateko, teknologikoki ziurtatuta egon behar dute. Ezin dira arrazoirik gabe erabili. Seguruak badira ere, zenbait gehigarrik (hala nola zapore-indartzaileak edo edulkoratzaileak) ahosabaia zapore jakin batzuetara ohitzen dute, eta hori ez da oso osasungarria, gehiago jatera bultzatzen baikaitu.}

Beste alde batetik, landare-olioen jatorria ere zehaztu behar da osagaien zerrendan. Horrela, errazagoa da egiaztatzea zer olio edo gantz mota daramaten elikagaiek. Horri lotuta, komeni da palma-olioa eta koko-olioa baztertzea.

2. NUTRIZIO-TAULA

Gaur egun, elikagai GUZTIEK izan behar dute nutrizio-informazioa (salbuespen batzuk izan ezik). Informazio hori elementuen zerrenda itxi bat daukan taula baten bidez adierazten da: balio energetikoa, koipeak, koipe saturatuak, karbohidratoak, azukreak, proteinak eta gatza.

Taula irakurtzean, azukre, gantz ase eta gatz kopuruari erreparatu behar diogu batez ere. Zenbat eta gutxiago, hobeto!

Nola jakin dezakegu taulan adierazitako azukrea erantsia den?

Osagaien zerrenda begiratu behar da, azukrea edo horren sinonimoren bat jasotzen den ikusteko. Halakoren bat jasota badago, azukrea erantsia da; bestela, nutrizio-taulan jasotako azukrea elikagaiak berez daukana izango da.

3. ELIKAGAIAREN IZENDAPENA

Ez da marka komertzialarekin edo fantasiazkoarekin nahastu behar. Elikagai jakin baten izendapena bere izendapen juridikoa izango da, Europako legeriarekin bat. Halakorik ez badago, elikagaia deskribatu behar da.

Elikagaiaren izendapenean osagai edo nutriente nabarmenen bat agertzen bada, osagaien zerrendan horren portzentajea (%) agertu beharko da.

4. ONTZIAREN AURREKO ALDEKO NUTRIZIO-ETIKETA (FOP)

NAHI IZANEZ GERO, ontzien aurreko aldean nutrizio-informazioaren zati bat errepikatu daiteke. Nahitaezkoa ez denez, informazio hori ez da beti ikusgai egongo.

Hauek dira hori adierazteko erabiltzen diren sistemak edo ereduak:

Anoako nutrizio-informazioa

Produktuaren anoak daukan energia, gantz, gantz ase, azukre eta gatz portzentajea adierazten du, erreferentziako eguneko ingestioarekiko.

Halaber, anoa bat zer den azaltzen da, baita batez besteko heldu baten erreferentziako guztizko ingestioa zein den ere.

Nutrizio-semaforoa

Aurrekoaren oso antzekoa da, baina kasu honetan, semaforoaren koloreak erabiltzen dira nutrienteetan jasotako portzentajeen balorazioa egiteko.

Nutriscore

Sistema honek SOILIK BALIO DU ELIKAGAIEN KATEGORIA BEREKO PRODUKTUAK ALDERATZEKO. Ezin dira beste kategoria batzuk alderatu, ondorioak ez liratekeelako zuzenak izango.

Sistemak bost kolore eta bost letra erabiltzen ditu produktuen nutrizio-kalitatea neurtzeko, algoritmo baten arabera. Eremu berdean dauden produktuak osasungarrienak dira, eta eremu laranja-gorrian daudenak, aldiz, kategoria horretan nutrizio-osaera okerrena dutenak.

Sortze data: 2021-05-12