Histamina bidezko intoxikazioa
Zer da histamina?
Histamina organismoan era naturalean dagoen konposatu bat da. Substantzia hodi-zabaltzaile indartsua da, alergia-erreakzioetan aska daitekeena.
Beste alde batetik, bakterioek elikagai batzuetan (arrainean batik bat) jardutean sor daitekeen konposatua ere bada histamina, amina biogenoen taldekoa.
Histaminaz gain, badaude beste amina biogeno batzuk, hala nola, kadaberina, putreszina, tiramina eta triptamina.
Zergatik sortzen da histamina?
Amina biogenoak konposatuak dira, elikagaietan dauden mikroorganismoek elikagaietako proteinak eraldatzean sortzen direnak.
Zehazki, histaminaren agerraldia lotuta dago elikagaiak higiene-egoera txarrean manipulatzearekin eta, batik bat, arraina behar ez bezala kontserbatzearekin (tenperatura altuak denbora-tarte luzeetan).
Zein elikagairekin lotzen da histaminaren agerraldia?
Oro har histaminarekin lotutako produktu gehienak arrainak dira, nahiz eta gazta, ardo eta hestebeteetan ere ager daitekeen.
“Eskonbrido bidezko intoxikazio” izena ere eman zaio, sarritan dagoelako lotuta Scombridae familiako arrainekin. Familia horretakoak dira hegalaburra eta berdela, baina beste arrain-espezie batzuk ere tartean egon ohi dira: sardina, sardinzarra, ezpatarraina eta bokarta (antxoa).
Halaber, histamina arrain-kontserbatan edo erdi-kontserbatan atzeman daiteke; izan ere, konposatu horrek eutsi egiten die esterilizazioa bezalako prozesu termikoei.
Zer nolako ondorio kaltegarriak izan ditzake kontsumitzaileen osasunerako?
Oro har, intoxikazio onbera da. Era honetako amina kopuru handia duten elikagaiak kontsumitzeak intoxikazio arina dakar, honako hauek eragin ditzakeena: arterien hipotentsioa, aurpegiko gorritasuna eta edema, hazkura, buruko mina eta, batzuetan, beherakoa. Sintomak zenbait minuturen eta 3 orduren artean agertzen dira.
Kasu larrietan alergia-aldi baten antzeko sintomen bidez agertzen da: zainelduak, beroaldiak eta arnasa hartzeko arazoak. Dena den, kasu gehienetan ez dira koadro larriak, eta ordu gutxiren buruan (12 eta 24 ordu bitartean) desagertzen dira. Gainera, aipatutako sintomak ez dira beti agertzen.
Beste amina biogeno batzuek beste sintoma-mota batzuk eragin ditzakete, hala nola, gazta jatean sor daitezkeen tiramina bidezko intoxikazioak dakartzan buruko minak.
Nola kontrolatzen dira histaminen agerraldiak?
Legegintza-mailan, Europar Batasunak arrainetan eta horietatik eratorritako produktuetan egon daitekeen gehienezko histamina kopurua ezarri du: 100-200 mg/kg. Halaber, Europako arauak ezartzen du nahitaezkoa dela arrantza-produktuak 0º C-tik hurbil mantentzea elikakate osoan zehar, histamina sortzea ekiditeko.
Nola ekidin dezakegu histamina bidezko intoxikazioa?
Arestian esan den bezala, histaminaren agerraldia lotuta dago elikagaiak egokia ez den tenperaturan kontserbatzearekin eta elikagaiak higiene-egoera txarrean manipulatzearekin. Hortaz, ezinbestekoa da elikagaiak era higienikoan manipulatzea eta, beste alde batetik, kontserbazio-tenperatura zorrotz mantentzea.
Aurrekoari jarraiki, arrainak eta elikagai guztiak, oro har, hozturik mantendu behar dira harik eta kontsumitzen direnera arte.
Wikielika:
Lotura interesgarriak:
Hozkailuan biltegiratzea: hoztea
Sortze data: 2012-04-24
Eguneratze data: 2018-08-01