OGMak
Zer dira Genetikoki Eraldatutako Organismoak (OGMak?)
Beren material genetikoa (ADN) modu artifizialean eraldatuta duten organismoak dira. Horrela, berez izango ez lituzketen ezaugarriak hartzen dituzte. Organismo horiek “transgeniko” izenez ere ezagutzen ditugu.
Gaur egunera arte, landareak izan dira halako aldaketa gehien jasan dituzten organismoak.
Aldaketa horien helburua honako hau izan da: jatorrizko landareek gaitasun handiagoa izatea gaixotasunei zein izurriei aurre egiteko, herbiziden aurrean tolerantzia handiagoa izatea eta urik gabe bizirauteko gaitasun handiagoa izatea.
Modu bereziren batean kontrolatzen al dira OGMak dituzten elikagaiak?
Genetikoki eraldatutako elikagai horiek merkaturatu aurretik, berariazko balioztatzeak egin behar dira. Bai OGMak, bai organismo horiek dituzten elikagaiak balioztatu egiten dira giza osasunerako zein ingurumenerako izan ditzaketen ondorio kaltegarriak ekiditeko.
Kasuan kasuko azterketak egin behar dira. OGM bakoitza bakarra da eta bakarka aztertu behar da, epe luzera izan dezakeen metatze-efektua aintzat hartuta.
Zein dira kezka nagusiak, giza osasunari dagokionez?
OGMei dagokienez, hiru gaik sortzen dute kezka:
Alergenotasuna: Alergikoen artean arazoak eragin ditzaketen proteinak sorraraz ditzakete organismoen aldaketa genetikoek.
Geneen transferentzia: OGMak eraldatzeko beste espezie batzuetako geneak erabili izan badira ere, gene hauek mikroorganismo batera iritsi ahal dira eta mikroorganismo horri ezaugarriak erantsi ahal dizkiote; eta ezaugarri horiek kaltegarriak izan daitezke gizakiarentzat (adibidez: antibiotikoei aurre egiteko gaitasuna).
Urrutiko gurutzatzea (outcrossing): Urrutiko gurutzatzea gertatzen da OGM-kultiboetako gene eraldatuak azaltzen badira hurbileko jatorrizko landareetan. OGM landareek bestelako landareak poliniza edo ernal ditzakete, eta euren geneak utz ditzakete landare horietan. Horrek zeharkako ondorioak izan ditzake elikagaien kaltegabetasunean eta segurtasunean.
Nola zehazten dira giza osasunerako kaltegarriak diren ala ez?
Elikagaietan erabili aurretik egin beharreko balioztatzeek honako alderdi hauek hartzen dituzte aintzat:
1) Kontsumitzaileen osasunean izan ditzaketen zuzeneko ondorioak.
2) Alergiak eragiteko gaitasuna (alergenotasuna).
3) Nutrizio edo toxikotasun propietateak izan ditzaketen berariazko osagaiak.
4) Txertatutako genearen egonkortasuna. Horrela, geneak beste organismo batzuetara iristea ekidingo da.
5) Aldaketa genetikoek nutrizio ezaugarrietan izan dituzten ondorioak.
6) Aldaketa genetikoek eragin duten nahi gabeko edozein ondorio.
Zein elikagaitan erabiltzen dira OGMak?
Hainbat modutara aurki ditzakegu OGMak. Normalean, elikagaiaren osagai gisa aurkitzen ditugu, batik bat artoan eta sojan; baina, badira bestelako espezie transgeniko batzuk ere. Horrek ez du esan nahi merkaturatzen den arto eta soja guztia transgenikoa denik.
Etiketei buruzko Legediak behartu egiten ditu ekoizleak jakinaraztera elikagaien osagaiak genetikoki eraldatuta dauden.
Jan al dezaket, jakin gabe, genetikoki eraldatutako elikagairik?
Lehen adierazi dugun bezala, etiketan adierazi behar da elikagai horrek transgenikorik baduen. Nolanahi ere, ez da derrigorrean adierazi behar baldin eta OGMen presentzia ustekabekoa bada edo teknikoki ekidin ezin bada; beti ere, %0,9ko muga gainditzen ez bada. Horrek esan nahi du %0,9ko proportzioan edo proportzio txikiagoan aurki ditzakegula osagai transgenikoak. Proportzio hori ezartzen da egiaztatuta baitago ekoizpen lerro berean hainbat elikagai nahi gabe nahas daitezkeela, eta OGMrik izan beharko ez luketen elikagaietan OGM kopuru txikiak (hondakinak) aurki daitezkeela.
Lotura interesgarriak
MARM
OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEA (OMS)
Sortze data: 2011-05-17
Eguneratze data: 2018-08-17