Prestatu

Normalean, bezperan prestatzen dugu lanera eramaten dugun janaria. Kontuan hartzen badugu janaria prestatu eta hurrengo egunean kontsumituko dugula, elikagai batzuek arrisku handiagoa izaten dute beste batzuek baino.

Kontu handia izan behar da arrautza egosia duten janari edo saltsekin (adib.: maionesa). Janariei maionesa gehitzeko asmoa badugu, hobe da maionesa komertziala kontsumitzea. Bestalde, gutxi egindako tortillak ere arriskutsuak izan litezke; baina, tortilla eginago prestatzen badugu, ekidin dezakegu arriskua.

Zuhurrena eta erosoena da egun batzuetarako kuzinatzea eta banakako anoetan izoztea; horrela, apurka-apurka aterako dugu izozkailutik eta aste barruan hainbat plater mota izango ditugu.

Gorde

Kuzinatu berri diren janariak ezin dira hozkailuan edo izozkailuan sartu. Hozten direnean, hermetikoki itxi eta izozkailuan sartuko dira. Ez utzi inoiz janaria hozten izozkailutik kanpo ordubete baino gehiago.

Erabiliko ditugun ontziak “elikagaiak erabiltzeko egokiak” izango dira, bai eta izozkailuan sartzeko egokiak ere. Elikagaietarako ez den ontzirik ez da erabili behar, eta hermetikoa izan behar du.

Janari hotza aukeratzen badugu, ontzi garbi batean sartuko dugu, hermetikoki itxi eta bezperan hozkailuan sartuko dugu.

Garraiatu

Ahalik eta denbora laburrena igaroko da janaria etxeko hozkailutik atera eta lanekoan sartzen dugun bitartean. Ontziak garraiatzeko ezinbestekoa da poltsa isotermikoak erabiltzea. Lanerako bidea luzea bada, hobe da hotz-metagailuren bat erabiltzea, poltsa isotermikoan tenperatura egokia izan dadin.

Hainbat janari (zopa, pureak) termoetan garraia daitezke bero; baina termo barruko tenperatura ez da 65 ºC-tik beherakoa izango.

Berriz berotu

Lanean, normalean, mikrouhin labean berotzen dira janariak. Garrantzitsua da plater birakaria izatea; horrela, janarian berotu gabeko zatiak ekidingo ditugu. Ohikoa izaten da mikrouhin labeetan berotutako janariak zati hotzak izatea, ez baitute janari osoa berdin berotzen.

 

MIKROUHIN LABEA ERABILTZEKO AHOLKUAK

  • Ez erabili “mikrouhin labean sartzeko egokiak” ez diren ontziak. Ontzi horiek horretarako diseinatu dira eta ondo jasaten dituzte tenperatura altuak, batik bat, koipe edo olioa eta azukreak izaten dituzten janariek sortutakoak. Horrekin “Migrazioa” deitutakoa ekidingo dugu. Mikrouhin labeetarako ez diren ontziak erabiltzean gertatzen dira migrazioak. Ondorioz, ontzi horien osagaiak berotzen ari garen janarira pasatzen dira. Gomendio horiek aintzat hartzen ez baditugu, osagai horiek sor ditzaketen osasun arriskuak jasateko aukera handiagoa izango dugu.
  • Ez erabili supermerkatuetako ontzi edo erretilurik janariak mikrouhin labean berotzeko, fabrikatzaileak kontrakorik adierazi ezean. Zenbait plastiko urtu egiten dira beroarekin, eta isurketak edo erredurak eragin ditzakete.
  • Margarina bezalako elikagaien ontziak eta okelaren apar-erretiluak ez dira egokiak izaten mikrouhin labean erabiltzeko.
  • Eramateko janarien ontziak ez dira egokiak izaten mikrouhin labean erabiltzeko (“Mikrouhin labean erabiltzeko egokiak” ikonoa eduki ezean); beraz, ontzi egokia erabili beharko dugu, janaria mikrouhin labean berotu nahi badugu.

Sortze data: 2010-09-06

Eguneratze data: 2018-08-07