Denborarik ez dugunez, ohikoa da gure hozkailuetan kontsumitzeko prest dauden elikagaiak izatea. Poltsako entsaladak, ernetako kimuak, moztutako frutak, entsalada errusiarrak, etab… jatordua minutu gutxian prestatzeko aukera praktikoak dira.

Baina erosotasun horren ondorioz gauza garrantzitsu bat ahazten zaigu: produktu horietako batzuk egoki kontserbatu eta manipulatu behar direla seguruak izateko, bereziki pertsona zaurgarrien taldeetakoak bagara, hala nola adinekoak, haurdun dauden emakumeak edo sistema immunea ahulduta dutelako defentsa gutxiago dituztenak.

Hori dela eta, elikagaigintzak ezartzen dituen ohiko neurriez gain, etxean elikagai horiek maneiatzeko modua ere funtsezkoa da segurtasuna bermatzeko eta balizko arriskuak saihesteko.

Oharra: legediari lotuta ez dagoen sailkapena.

Arazoa beti ez dago elikagaian

Kontsumitu aurretik nola biltegiratzen, manipulatzen eta prestatzen ditugun ere funtsezkoa da segurtasunez kontsumitu ahal izateko, eta horregatik da ezinbestekoa fabrikatzailearen jarraibideak betetzea.

Gainera, beti ez ditugu behar bezala bereizten “kontsumitzeko prest dagoen elikagaia” (poltsako entsalada bat, esaterako) eta “prestatutako elikagaia” (kontsumitu aurretik berotu edo prestatu beharrekoak). Azkeneko hauek zalantzak sor ditzakete…

“Berotu besterik ez da egin behar”… Ala prestatu egin behar da?

Akatsik ohikoenetakoa prekozinatutako elikagai hauei buruz ditugun espektatibei lotuta dago. Elikagai bat “girotzearen” eta berotzearen arteko aldea txikia dela dirudien arren, elikagaien segurtasunaren ikuspegitik oso garrantzitsua da.

Hoztutako lasagna bat, prestatutako tortilla bat edo kontsumitzeko prest dagoen plater bat erosten ditugunean, “berotu bat ematearekin” nahikoa dela uste izaten dugu. Baina askotan fabrikatzailearen jarraibideetan produktua berotzeaz gain, elikagaiaren barru osoa tenperatura egokira iristeko esaten dute, segurtasuna bermatzeko.

Horregatik da oso garrantzitsua ontzian agertzen diren prestatzeko jarraibideak betetzea beti, hala nola labearen tenperatura edo mikrouhin labean igaro beharreko denbora, izan ere, hala egiten ez bada, elikagaia ez baita behar bezala egingo.

Labe guztiek eta mikrouhin labe guztiek ez dute berdin berotzen

Ontzietan agertzen da nola erabili, nola berotu elikagaia, eta baldintza egokietarako diseinatutako egoten dira jarraibide horiek. Baina etxeetako errealitatea bestelakoa izaten da askotan.

Mikrouhin labea berria eta potentzia handikoa bada, ez du zahar edo potentzia txikiagoko batek bezala berotuko. Gauza bera gertatzen da labeekin, beroa ez dute beti berdin barreiatzen, bereziki zenbait urteren ondoren.

Denborarekin, etxetresna elektriko askok eraginkortasuna galtzen dute edo tenperaturan aldea egoten da eremu batetik bestera, ondorioz, janaria kanpotik berotu arren, litekeena da barrutik hotza egotea edo behar adina berotu gabe egotea.

Hori dela eta, garrantzitsua da ziurtatzea elikagaia uniformeki berotu dela produktu osoan eta fabrikatzailearen jarraibideak behar bezala jarraitu direla egiaztatzea ere bai.

microondas

Janaria berdin berotzen ez denean

Bada hain ezaguna ez den beste alderdi bat ere, prestatutako elikagai baten osagaiek ez dutela beroa berdin xurgatzen. Osagai bat baino gehiagoko platera bada, zati batzuk berehala iritsiko dira tenperatura segurura, baina beste batzuei kosta egingo zaie berotzea.

Arazo hori minimizatzeko, komenigarria da elikagaiari eragitea edo nahastea, gomendatutako denborak errespetatzea eta modu uniformean berotu dela ziurtatzea.

Ontziak ere garrantzia du

Ontzi mota ere garrantzitsua da prestatutako elikagaiak berotzeko. Ontzi batzuk beroa modu uniformean barreiatzeko diseinatuta daude edo berotzerakoan hezetasuna mantentzeko. Beste batzuk, aldiz, garraiatzeko eta kontserbatzeko bakarrik dira eta berotu aurretik kendu behar dira.

Etiketan agertzen da nola erabili eta hor agertzen zaigu ontzia (erretilua, kaxa, etab.) mikrouhin labean erabiltzeko egokia den edo aldatu beharra dagoen. Zalantzak izanez gero, seguruena da elikagaia mikrouhin labean erabili daitekeen ontzi batera igarotzea eta han berotzea (mikrouhin labea erabiltzeko esteka).

Hozkailua: lagun ona… ondo badabil

Askok uste dute hozkailuko edozein tenperatura egokia dela elikagaiak seguru mantentzeko, baina ez da hala. Bereziki garrantzitsua da “kontsumitzeko prest” dauden elikagaietan, hala nola poltsako entsaladetan, kontsumitu aurretik inolako tratamendu termikorik izango ez dutenetan.

Atea sarri irekitzea, elikagai gehiegi biltegiratuta izatea edo termostatoa gaizki doituta egotea kontuan hartzeko faktoreak dira, hozkailuko tenperatura gomendatutakoa baino altuagoa izan baitaiteke horien ondorioz. Funtsezkoa da ziurtatzea hozkailuak tenperatura egokia duela elikagai horiek seguru mantendu ahal izateko, 5 gradu edo gutxiago da egokiena.

… eta jateko prest dauden entsaladak?

Garbituta, txikituta eta zerbitzatzeko prest egoten dira, oso erosoak dira. Baina gordinik jaten direnez eta ez dutenez tratamendu termikorik izaten, funtsezkoa da etiketako jarraibideak betetzea.

Garrantzitsua da iraungitze-data errespetatzea, hotz-katea beti mantentzea eta ireki ondoren ahalik eta lasterren kontsumitzea, irekitako poltsa zenbait egunez hozkailuan egonez gero, uste baino askoz arrisku handiagoa baitute. Beraz, gomendagarria da poltsa behin irekitakoan kontsumitzea, zenbait egunez hozkailuan irekita mantendu ordez. Horretarako, komeni da etxean bizi den jende kopurura egokitutako formatua erostea, ekonomikoagoak direlako handienak erosi ordez.

Ernetako kimuek arreta berezia behar dute

Soja, alpapa, errefau eta bestelakoen kimuak oso baloratuta dauden freskoak direlako eta nutrizioaren aldetik egiten duten ekarpenagatik. Baina ekoizteko moduaren ondorioz, arreta berezia behar dute elikagaien segurtasunaren ikuspegitik.

brotes kimuak

Kimu horiek lortzeko, haziak hezetasun- eta tenperatura-baldintza kontrolatuetan egoten dira ernatu daitezen, baina bakterioak ere hazi daitezke, jatorrian egonez gero.

Hori dela eta, ernatutako kimuak gordinik jatean bereziki kontuz ibili behar da, batez ere emakume haurdunak, adinekoak edo sistema immunitario ahula dutenak izanez gero.

Aldea eragiten duten keinu txikiak

Kontsumitzeko prest dauden elikagaiak seguruak dira eta ohiko elikaduran gaude. Etxe bakoitzean keinu txiki hauek eginda, lasai kontsumi ditzakegu:

  • Fabrikatzailearen jarraibideak zorrotz bete.
  • Iraungitze-data beti errespetatu.
  • Hozkailua 5 ºC edo gutxiagoan mantendu. (Talde kalteberetan 5 gradu baino gutxiago gomendatzen da)
  • Ontzia ireki ondoren ahalik eta lasterren kontsumitu produktuak.
  • Ontzia berotzeko egokia ote den egiaztatu, ez bada, beste ontzi batera pasa.
  • Prestatutako platerak modu uniformean berotzen direla ziurtatu.
  • Prestatutako elikagaiak giro tenperaturan denbora luzez uztea saihestu.
  • Arreta berezia izan prestatutako entsaladak eta ernetako kimuak manipulatu eta kontserbatzean.

Gainera, talde zaurgarrietako pertsonek bereziki kontuan izan behar dituzte produktu hauetarako berariazko gomendioak, balizko arriskuak murrizteko.