Zer da disruptore endokrino bat?

Disruptore endokrinoak gure organismoak ekoizten ez dituen
substantziak dira, naturalak edo gizakiaren jardueraren ondorioz
sortutakoa (esate baterako, industria-prozesuak). Substantziok sistema
endokrinoaren funtzioa eraldatzen dute; beraz, ondorio kaltegarriak
dituzte pertsona osasuntsuen eta horien ondorengoen artean.

Nola jarduten dute disruptore horiek?

Disruptore endokrinoek sistema endokrinoa oztopa dezakete,
hiru modutan:

  • Hormona natural
    baten (estrogenoa edo testosterona) jarduera imitatuz

    eta gorputzean antzeko erantzunak eraginez.
  • Hormonak jasotzen
    dituzten zelula hartzaileak (hartzaile hormonalak) blokeatuz
    .
    Horrek hormona horiek funtzionalak ez izatea dakar.
  • Hormonen sintesia,
    garraioa, metabolismoa eta kanporatzea oztopatuta
    .
    Horrela, gorputzean dauden hormona naturalen kontzentrazioak eraldatzen
    dira.

Zein disruptore mota dago?

Gorabehera endokrinoak eragin ditzaketen bi substantzia mota
daude:

    • Hormona naturalak:
      estrogenoak (emakumeen sexu-garapenaren arduradunak), progesterona eta
      testosterona (androgenoak, gizonen sexu-garapenaren arduradunak).
      Gizaki eta animalien gorputzetan modu naturalean daude. Bestalde,
      fitoestrogenoak daude, landare batzuetan dauden substantziak,
      estrogenoaren antzeko jarduera dutenak gorputzak hartzen dituenean.
      Uste da hormona natural horiek erraz deskonposatzen direla giza
      gorputzean; beraz, ez dute eraginik organismoan. Alabaina, substantzia
      artifizialen kasua bestelakoa da.
    • Substantzia
      artifizialak
      , hauen artean:

      • Sintetikoki
        ekoitzitako hormonak
        , hormona naturalekin pareka
        daitezkeen hormonak barne; hala nola, aho bidezko antisorgailuak,
        hormonak ordezkatzeko tratamendua eta animalientzako elikagaietako
        zenbait gehigarri, nahita diseinatu baitira sistema endokrinoa eraldatu
        eta erregulatzeko.
      • Gizakiak
        ekoitzitako produktu kimikoak
        : industria-erabileretarako
        (hala nola, garbiketa-produktu industrialetarako, zenbait
        nekazaritza-pestizidatarako eta zenbait gehigarri plastikotarako)
        diseinatuak. Talde horretan daude, halaber, industria-prozesuetan
        sortutako produktu kimikoak (esate baterako, dioxinak). Disruptore
        endokrino horietako batzuk iraunkorrak dira ingurumenean, ez baitira
        erraz degradatzen (kutsatzaile organiko iraunkor edo COPak); beraz,
        metatu egin daitezke eta arazo larriak eragin ditzakete.

        Oraindik ere azterbidean daude substantzia horiek eragin ahal dituzten
        ondorioak, batik bat esposizioa kopuru txikien aurrean eta
        denbora-tarte luzeetan gertatu bada.

Ondorioak eta esposizioa gizakien artean

Gizakientzat, disruptore endokrinoekiko esposizioa jasateko
bideak hauek dira: esposizio zuzena, lantokiaren eta/edo
kontsumo-produktuen (elikagaiak, plastiko jakin batzuk, pinturak,
detergenteak eta kosmetikoak) bidez, eta zeharkako esposizioa,
ingurumenaren (airea, ura, lurzorua) bidez.

Izan ditzaketen
ondorioak

      • Gizonen emankortasuna murriztea.
      • Zenbait gorabehera gizonen ugaltze-organoetan.
      • Emakumeen ugaltze-gaixotasunak.
      • Gorabeherak pubertaroaren hasieran.
      • Gorabeherak jaiotza berrien sexuen ratioan (mutil
        gutxiago jaiotzea).
      • Gorabeherak garapen neurologikoan.

Zein babes-neurri dago kontsumitzailea babesteko?

Konposatu horiek osasunean eragin ditzaketen ondorioetatik
babesteko, gehienezko kopuruak ezartzen dira. Esate baterako,
elikagaiak ukitzen dituzten materialak erabiltzeko mugak ezartzen dira.
Zehazki, konposatu horietatik ontziratutako elikagaietara igaro
daitezkeen gehienezko kopuruak mugatzen dira (igarotze horri “migrazioa”)
esaten zaio).

Produktu fitosanitarioen hondakinetarako, EBk definitu egin
du zein diren gainditu ezin diren gehienezko mailak. Horiek betetzen
direnean, kontsumitzaileek osasunerako ondorio kaltegarririk ez jasatea
espero da. Beste horrenbeste gertatzen da metal astunak (beruna,
kadmioa,
merkurioa)
bezalako beste kutsatzaile batzuekin.

Muga horiek errespetatzen
badira, gaur egun eskura dauden zientzia-ebidentziekin bat, ez
litzateke ondorio kaltegarririk egon beharko kontsumitzaileentzat.

Bibliografia

Sortze data: 2013-04-23

Eguneratze data: 2019-06-19