Elikagaietako parasito nagusiak
Zer dira?
Parasitoak beste organismo bizidun batzuetan (ostalariak) bizi diren organismo bizidunak dira. Parasitoek elikagaiak kutsa ditzakete, eta pertsonak gaixotu daitezke horiek jaten dituztenean.
” Urtero Europar Batasunean elikagai-jatorriko 1.000 parasito‑infekzio baino gehiago jakinarazten dira gizakien artean“
Parásitos en alimentos | EFSA (europa.eu)
Nola transmititzen zaizkie pertsonei?
Parasitoak zuzenean, animalien eta pertsonen arteko kontaktuaren bidez, edo zeharka (kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumituta) transmititu ahal zaizkie pertsonei. Elikagai horien artean hauek dira orokorrenak:
- Arrain eta itsaski gordinak edo gutxi prestatutakoak
- Gutxi prestatutako haragi-produktuak
- Esne gordina eta pasteurizatu gabeko esnekiak
- Fruta eta barazki gordinak
Zeintzuk dira parasito garrantzitsuenak?
EFSA eta ECDC erakundeek 2015az geroztik Europar Batasuneko elikagai-jatorriko agerraldiei buruz dituzten datuen arabera, (dashboard) hauek dira elikagaien bidez transmititutako patogeno garrantzitsuenak:
1. Anisakisa
Anisakisa itsasoko ugaztunen (baleak, izurdeak, fokak eta itsas lehoiak) parasito naturala da, eta haren arrautzak itsasoratu egiten dira; bertan, larba bihurtzen dira, eta arrain eta itsaskiek jaten dituzte. Itsasoko ugaztunek kutsatutako arrain eta itsaski horiek jaten dituzte, eta horrela osatzen da parasitoaren bizi-zikloa.
Pertsonak parasito horiek ustekabeko ostalariak dira, eta anisakiasis izeneko gaixotasuna izan dezakete arrain edo itsaski gordina edo gutxi prestatutakoa jatean. Gaixotasunak digestio- eta alergia-koadroak eragiten ditu pertsonengan. Arraina behar bezala prestatzen bada, larbak inaktibatu egiten dira, eta ez dira gai gaixotasuna transmititzeko
2. Trichinella
Trichinella txerri-ganaduan (txerriak, basurdeak eta zaldiak) bizi den parasito bat da, baina beste ugaztun batzuetan ere bizi daiteke, hala nola txakurretan, katuetan, otsoetan edo azerietan. Larbak animalien giharretan enkistatzen dira, eta urteak eman ditzakete bertan.
Parasito hori elikagaien bidez soilik transmititzen zaie pertsonei, haragi-produktu gordinak edo gutxi prestatutakoak jatean, parasitoarekin kutsatutako txerri edo basurdeenak. Trikinelosi izeneko gaixotasuna eragiten du, eta sintomak askotarikoak izan daitezke: gastrointestinalak, giharrekoak, arnasketakoak eta neurologikoak.
3. Toxoplasma gondii
Toxoplasma gondii parasitoak ornodun-espezie guztiak kutsa ditzake, eta etxeko katuak dira behin betiko ostalariak, ez baitie sintomarik eragiten. Katuek ookisteak botatzen dituzte, eta urteak eman ditzakete ingurumenean.
Pertsonak katuekiko kontaktu zuzenaren bidez edo ookisteekin kutsatutako ura eta elikagaiak kontsumituta kutsatzen dira, orokorrean haragi gordina edo gutxi prestatutakoa edo esne gordina kontsumitzean, eta, neurri txikiagoan, kutsatutako ura ukitu duten barazki eta itsaskiak jatean. Eragiten duen gaixotasunak toxoplasmosi izena du, eta sukarra, buruko mina, giharreko mina eta eztarriko mina eragiten ditu.
4. Echinococcus
Ekinokoko-teniak txakurretan bizi dira nagusiki, baina ganaduan ere egon daitezke (ardiak, txerriak, ahuntzak eta behiak). Kutsatutako animaliek parasito-arrautzak botatzen dituzte gorozkiekin, eta ura eta elikagaiak kutsa ditzakete.
Pertsonak txakurrekiko kontaktu zuzenaren bidez edo parasitoaren arrautzekin kutsatutako ura eta harekin garbitutako fruta eta barazkiak jatean kutsatzen dira. Horiek jateak hidatidosi izeneko gaixotasuna eragin dezake; kisteak sortzen dira gibelean eta biriketan (kiste hidatidikoak), eta sabeleko mina eta hantura eta arnas sintomak eragiten ditu, kisteen tokiaren arabera.
5. Cryptosporidium
Cryptosporidium animalia askori eragiten dien hesteko parasito bat da, hala nola ugaztunei, hegaztiei, narrastiei eta arrainei. Gorozkiekin botatako Cryptosporidium ookisteek hilabeteak eman ditzakete lurzoru hezean edo uretan, baita ingurumen-baldintza txarretan ere.
Cryptosporidium transmititzeko bide nagusia gorozki-ahokoa da, bai pertsonen eta kutsatutako animalien kontaktu zuzenagatik edo bai zeharkako kontaktuagatik, ookisteekin kutsatutako ura eta elikagaiak kontsumituta. Inplikatutako elikagai nagusiak barazki gordinak, esne eta itsaski gordinak eta pasteurizatu gabeko esnekiak dira. Parasitoak uren desinfekzioa biziraun dezake, adibidez klorazioa; beraz, hiri- eta nekazaritza‑hondakinak kontsumo eta aisialdirako ura kutsatzeko iturriak izan daitezke (lakuak eta igerilekuak).
Infekzioa asintomatikoa izan daiteke, edo 1-2 astetan amaitzen den beherakoa eragin dezake. Aldiz, immunitate-sistema ahula duten pazienteek beherako urtsu oparoa, sabeleko mina, gorakoa eta sukarra izan dezakete.
6. Giardia
Giardia kisteak sortzen dituen hesteko parasitoa da, eta haren gordailu nagusia kutsatutako gainazaleko urak dira. Denbora luzez biziraun dezake ingurumenean, eta uraren klorazioak ezin du inaktibatu. Kisteek pertsonak eta etxeko animaliak (txakurrak, katuak, behiak eta ardiak) kutsa ditzakete.
Giardiasi izeneko gaixotasuna transmititzeko bide nagusia pertsona eta kutsatutako animalien kontaktu zuzena eta kutsatutako ura edo fruta eta barazki gordinak kontsumitzea da, azken horiek parasitoarekin kutsatutako urarekin ureztatu badituzte.
Giardiasia asintomatikoa izan daiteke edo beherako akutu edo kronikoa eragin dezake, baita sabeleko mina, nekea eta bitamina eta koipeen malabsortzioa ere. Haurtxo eta haurrek kutsatzeko arrisku handia dute.
Badago parasito-infekzioaren aurkako tratamendurik? Nola prebenitzen da?
Bai, badaude elikagaien bidez transmititzen diren parasito gehienen aurkako medikamentuak.
Hala ere, elikagaiak segurtasunez manipulatzea eta etxeko higiene egokiak parasitoekin kutsatutako elikadura-produktuen arriskua prebenitu edo murriztu dezakete.
Gomendatzen da OMEren bost gakoak jarraitzea elikagaien toxiinfekzioak ekiditeko, patogenoek sortutakoak, parasitoak barne, bakterio eta birusez gain
Gehiago jakin nahi duzu elikadura-patogenoei buruz?
Elikagaien patogeno nagusiak – Kontsumitzailea
Arriskuen Infogramak – ELIKA Fundazioa
Sortze data: 2022-10-18