Hotz-kateak elikagaiek egoera ezin hobean kontsumitzeko behar dituzten tenperatura baxuen baldintzak zehazten ditu. Tenperatura hotz horiek ez dira aldatu behar produktua ekoizten denetik kontsumitzen denera arte “elikakateko” (ekoizpena, garraioa, biltegiratzea…) zenbait mailatan; horri zor zaio, hain zuzen, “hotz-kate” izena.

Tenperatura hotzetan mantentzeak helburu bikoitza du: batetik, elikagaien kalitate organoleptikoari eusten zaio (zaporea, usaina eta testura), eta, bestetik, segurtasuna mantentzen da; izan ere, etengabe tenperatura baxuan egoteari esker, mikroorganismoak ez dira hazten kontsumituko ditugun elikagaietan.

frigorifico

Hotz-kate” horrek prozesu hauek hartzen ditu: biltzea edo uztatzea, garraiatzea, biltegiratzea, prozesatzea, banatzea, salmenta-establezimenduan kontserbatzea, erosketa etxeraino eramatea eta etxeetan elikagaiak kontsumitu arte mantentzea.

Elikagaiek tenperatura kontrolatuan egiten duten bidaia hori monitorizatu egiten da maila desberdinetako bizitza komertzialean, ez dadin tenperatura-igoera handirik izan produktuan. Monitorizatu egiten da, hau da, elikagaien arloko legediak arautzen dituzten tenperatura-kontrolak egiten dira etengabe.

Elikagai batzuk sentikorragoak dira aldaketa termikoekiko, nahiz eta elikagai guztiek duten elikagai-industrien autokontrol-sistema bat, elikadura-arriskuak minimizatzeko edo ezabatzeko.

“Hotz-katea” mantentzearen xedeak hauek dira:

  • Balizko mikroorganismo patogenoak haz daitezen saihestea.
  • Zenbait mikroorganismok eragin diezaguketen substantzia toxikoak sor ditzaten saihestea (adib.: histaminak).
  • Elikagaiek zaporea gal dezaten edo kolorez alda daitezen saihestea (hotzaren kontserbazio-efektua).
  • Bizitza baliagarria luzaraztea, eta, beraz, elikadura-xahuketari aurre egitea.

Elikagaiak ekoizten diren unetik tenperatura-baldintza kontrolatuetan iristen direnez salmenta-establezimenduetara, baldintza horiei eusten saiatu behar dugu gure hozkailuan edo izozkailuan elikagaiok kontsumituko ditugun arte.

Nola lor dezakegu kate hori ez haustea?

Bi konponbide daude:

  1. Erosten denetik eta hozkailuan/izozkailuan biltegiratzen denerainoko denbora minimizatzea. Erosketak autoan denbora luzez edo tenperatura altuetan uztea saihestea.
  2. Poltsa isotermikoak erabiltzea: poltsa horiek denbora-tarte labur batean mantentzen dute tenperatura , elikagaiak berotzen hasten diren arteko denbora luzatuz. Oso gomendagarriak dira elikagai izoztuak erosteko.
Bolsa isotermica
Poltsa isotermikoak erabili: Merkeak eta berrerabilgarriak dira

Zer egin elikagaiak desizoztu egin direla ikusten badut?

Elikagaia zati batean edo osorik desizoztuta badago, haren egoera zein den baloratu beharko genuke. Ezin badugu jakin zenbat denbora egon den desizoztuta edo ordubetetik gora igaro badu giro-tenperaturan, hobe da baztertzea.

Elikagaia baldintza ezin hobeetan badago, logikoena da elikagaia berehala aprobetxatzea, berriz izoztu gabe. Modu egokian prestatu beharko dugu, egon daitezkeen arriskuak minimizatzeko.

Batez ere, kontuan izan behar dugu pertsona kalteberentzat prestatuko badugu eta ez bagaude ziur elikagaia egoera onean dagoen, elikagaia baztertu egin beharko dugula, segurtasunagatik.

Izoztu al dezaket desizoztutako elikagai bat?

Elikagaia behar bezala desizoztu bada eta behar bezala prestatzen bada (2 minutuz 70ºC-an gutxienez), berriro izoztu daiteke. Prozesu hori ezin da berriro errepikatu.

Elikagai izoztuek ez dute betirako irauten; hortaz, garrantzitsua da jakitea zer unetan izoztu ditugun. Elikagaiak gordeko ditugun tuperrari edo poltsari data jartzea komeni da.

Hemen dituzu “Izoztea, desizoztea eta berriz berotzeari” buruzko aholku batzuk eta gehieneko izozte-denborei buruzko taula bat.

Nola biltegiratu behar ditut elikagaiak hotz-katea hautsi ez dadin?

Hozkailuek eta izozkailuek tenperatura minimo batzuk dituzte, eta horietara iritsi behar dute beren zeregina betetzeko.

Hozkailu baten tenperatura ideala 5ºC-koa da erdiko apalean, eta izozkailu bat -18ºC-ra iritsi behar da gutxienez.

Hona hemen zenbait aholku hozkailua ondo erabiltzeko

Halaber, kontuan izan zenbait elikagai ez direla hozkailuan gorde behar. Hona hemen hozkailuan biltegira ditzakezun eta ezin ditzakezun elikagaiak.

Hotz-katea hautsi daitekeen beste uneetako bat da kanpoan jaten dugunean eta hoztuta eduki ezin ditugun elikagaiak garraiatu behar ditugunean. Orduan, hozkailu “isotermikoak”·erabili beharko ditugu; ez dituzte elikagaiak hozten, tenperatura konstanteari eusten diote baizik. Hona hemen gai horri buruzko aholku gehiago.

Gauza bera gerta daiteke lantokira janari-tuperrak eramaten ditugunean. Hona hemen gai horri buruzko informazio gehiago.

Sortze data: 2022/11/25